Zanbrana udalerriaren zahartze aktiborako programak Euskadiko Lagunkoitasuneko Jardunbide Egokien Saria jasoko du

Zanbrana udalerriaren zahartze aktiborako programak Euskadiko Lagunkoitasuneko Jardunbide Egokien Saria jasoko du
  • Urte hasieran, EUDELek proiektu hau identifikatu zuen ‘Smart City’ direlako herrien eredu gisa, arlo sozialean, eta beste udalerri batzuentzat eredugarri izan daiteke.
  • 400 biztanleko udalerri honetan, biztanleen % 35 65 urtetik gorakoak dira, eta mendekotasuna duten pertsonei zuzendutako berrikuntza sozialeko proiektu bat abiarazi dute bertan.


Zanbranako Udalak sustatu duen «Envejecer no es sinónimo de perder calidad de vida» programak Euskadiko 2019. urteko Lagunkoitasuneko Jardunbide Egokien Saria jaso du. Eusko Jaurlaritzak ematen duen saria da, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren bitartez, eta gaur, abenduaren 12ko EHAAn argitaratu den Aginduaren arabera, xedea da publikoki saritzea “lagunkoitasunari begira berritzaileak eta eraginkorrak diren jardunbideak garatzen dituzten eta adineko pertsonei begira ingurune erraztaileak sortzen dituzten erakunde publiko eta pribatuak”.


Zanbrana, ‘Herrismartik’ udalerri adimenduna


EUDEL Euskadiko Udalerrien Elkarteak ere, “Herrismartik” (udalerri adimendunak) berrikuntza programaren esparruan, Zanbranako proiektua tokiko esperientzia berritzaile eta eredugarritzat hartu du, Euskadiko udalerri guztientzat.


400 biztanle eskaseko Arabako udalerri txikiko Aitor Abecia alkateak proiektuaren balioak aurkeztu zituen Euskadiko "Smart City" esperientzien jardunaldian, zeina urtarrilaren 24an egin zen, Donostia/San Sebastiáneko Tabakaleran.


Ikusi albistea: http://noticias.eudel.eus/eu/noticia/eudel-sienta-las-bases-de-la-primera-red-de-municipios-inteligentes/


Big Data, zahartzea hobetzeko


“Zanbranan, orain, hobeto zahartzen da”; hala dio Aitor Abeciak. Hiru herritarretik bat (% 35) 65 urtetik gorakoa da. Udalak big dataren teknikak baliatzen dituen “zahartze aktiboko” programa bat jarri du martxan, helduen arreta sozio-sanitarioa hobetzeko. “Berrikuntza sozialaren” eredu bat da, eta Zanbrana “Danimarkaren pareko herrialdeen mailan” jartzen du, Igor Calzadaren iritziz. Calzada Oxfordeko Unibertsitateko irakaslea da, eta Europako Batzordeari eta eskualde mailako beste erakunde batzuei aholkuak ematen dizkie, smart city-en alorrean.


Hainbat diziplinatako kideek osatzen duten taldeak –Udaleko zerbitzu sozialak, osasunaren alorreko profesionalak eta tresna teknologikoa garatu duen enpresa– koordinatzen du esku-hartze sozio-sanitarioko plana, eta xede hau du: “arazoei aurre hartu, berandu izan baino lehen hautematea zer behar dauden eta asistentzia indibidualizatua eskaini, nahieran”. Alkateak dioenez, “xedea gure pertsona helduen kalitatea hobetzea da, eta asistentziarako baliabide publikoen erabilera arduratsuagoa lortzea. Sistemara soilik behar denean jotzea, alegia".


Herrismartik webguneko Esperientzien bankuan proiektuari buruzko informazioa ikus daiteke: http://www.herrismartik.eus/eus/experiencia-amp.php?id=24#ini

Lagunkoitasuneko Euskadi Saria


Gaurko, hau da, abenduaren 12ko (osteguna) EHAAn argitaratutako Aginduaren arabera, lagunkoitasuntzat jotzen da hiri-ingurune integratzaile eta irisgarria osatzen saiatzen den faktorea, zahartze aktiboa sustatzen duena adineko pertsonen osasun, parte-hartze eta segurtasun aukeren optimizazioaren bidez. Horrela, pertsona horien parte-hartzea ahalbidetzen da bizitza sozialeko alor guztietan.
Saria horretarako deitutako ekitaldi publikoan emango da.