Zer da

Euskadi 2020 Agenda Digitalaren barruan tokiko esparruan egindako hedapena da EUDELen Gobernantza eta Udal Garapen Adimenduneko Estrategia - Herrismartik 2020. Horren bidez, Eusko Jaurlaritzak bere egin nahi du teknologia digitalek Euskadin ematen dituzten aukerak errealitate bihurtzeko erronka. Horrela, bada, erreferentzia-eskualdea izatea nahi du lehiakortasun, ongizate, gizarteratze eta kalitatezko enpleguaren alorretan, 2020ko Europaren barruan.

Agenda hori hedatzeko asmoz Eusko Jaurlaritzarekin abiarazitako hedapen esparruan, EUDEL 2017-2010 ekintza planaren estrategia bideratu eta zehazteko lanean aritu da 2016. urtean, udal-esparruan berrikuntzako proiektu zehatzak martxan jartzeko 3 esparrutan: administrazio elektronikoa/adimenduna, gobernantza eta udalerri adimendunak.

Administrazio elektronikoaren/adimendunaren esparruan, herrialde ikuspegia gaineratzea da erronka, tokiko mailatik, eta, modu horretan, foru erakundeekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta bere entitateekin lankidetzan, udaletan oinarrizko plataforma eta zerbitzuak hedatzen laguntzea, e-administrazioa ezarri eta finkatu dezaten: NISAE (Euskadiko Administrazioen Interoperabilitate eta Segurtasun Nodoa), Izenpe ontzi-jokoa, legeak eskatzen dituen egiaztatzea, kontratazio elektronikoa, espediente-kudeaketa eta bestelakoak (erregistroa, jakinarazpena, sinadura, artxibo elektronikoa...) abian jarri ahal izateko.

Ikuspegi honekin bat eginez, EUDELek udalen arteko hausnarketarako eta lankidetzazko lanerako esparruak eskaintzen jarraitu nahi du, baita zerbitzu digitalak hedatzeko beharrezkoak diren antolakuntza-eraldaketako ekimenak (oinarrizko proiektuak, funtzioak, eskumenak, prozesuak, egitura) sustatzeko tresna eta metodoak ere.

Gobernantzaren esparruan, Europako Kontseiluak proposatutako 12 printzipio demokratikoen eredupean ari da lanean. Erakunde horrek Benchmarking tresna bat diseinatu du, gobernantza demokratiko onaren hamabi printzipioetan oinarrituta; horren bitartez, udalek autoebaluazioa egin, eta printzipio horiekiko lerrokatze-maila baloratu ahal izango dute. Horrela, hainbat adierazleren bitartez, Euskadiko udalen kasuetan gobernantza onaren printzipioen betetze-maila esanguratsua lortzen bada, Bikaintasunaren Zigilu Europarra (ELoGE) emango zaio Gobernantzaren alorrean, EUDELek xede horretarako eratutako lurralde plataformari.

Azkenik, Lurralde Adimendunaren alorrean, Herrismartik estrategia aukera bat da tokiko esparrutik abiatuta lurralde gobernantzaren ekosistema bat eraikitzeko, interes-taldeak bateratu eta horiekin lankidetzan aritzeko, eta smart proiektu eta prozesuak errazteko xedearekin. Teknologia bitartekoa izan behar da, ez helburua, eta erabilgarria izan behar da udal arduradunek erabakiak har ditzaten, zerbitzuen prestazioa hobetu dadin eta zerbitzu berriak sor daitezen, horiek eskaintzeko eraginkortasunaren eta efizientziaren logikaren barruan. Hirigintza-eraldaketa erraztu behar du, ingurumen, demografia eta teknologia alorreko erronkei erantzuteko modu gisa, eta enpresa, ekintzaile eta erakundeei, oro har, agente eragile (“maker” eta “ekoizle”) izateko aukera eskaini behar die, negozio-aukera berriak identifikatu eta abiarazteko prozesuan. EUDELek zeregin aktiboa dauka udal adimendunen sare-sistema bat eratzeko bultzadan, lurralde adimenduneko proiektuak abiarazteko asmoz udalen arteko ikaskuntza-ingurunea sustatuta.

Azken finean, herrialde-ikuspegia ematea da gakoa, tokiko mailatik abiatuta, eta, modu horretan, instituzioetako gainerako mailekin koordinazioan, AD@2020 ekimenak proposatzen duen Euskadi Adimenduna sortzea.