Herri Smartik jardunaldia: Gobernantza eta Udal Garapen Adimendunaren Estrategia 2017-2020

EUDELek udal-langileentzako lantalde bat antolatu du, “Herrismartik-udalerri adimendunak” tokiko berrikuntza ekintza-plana ezagutarazteko. Plana EUDELek eta Eusko Jaurlaritzak antolatu dute, hurrengo urteetan ‘Euskadi 2020 Agenda Digitala’ EAEko udalerrietan sustatzeko. Agenda Digitalaren programa berriak herrialde mailako tokiko estrategia adimendun bat garatzea dakar, udalen parte-hartze aktiboan oinarrituta eta hiru lurraldeetako Foru Aldundiek lagunduta.

50 politikari eta teknikariren aurrean, Imanol Landa elkarteburuak eta EUDELeko Berrikuntza Batzordeko alkateek (Elgoibar, Ermua, Larrabetzu eta Zambrana) lau ekintza-lerro garrantzitsuenak aurkeztu dituzte, udalei, tamaina eta abiapuntua edozein delarik ere, tokiko euskal administrazioa modernizatzen laguntzeko. Honen bidez egingo da: 1) antolaketa-eraldaketa eta aldaketa kulturala 2) administrazio elektronikoa 3) Gobernantza ona eta etorkizunari begirakoa, 4) ‘lurralde/udalerri adimendunen’ sistema sarean.

Ekitaldiaren hasieran, EUDELen elkarteburuak esan duenez, “Udaletan, BERRITZEAK esan nahi du udal kudeaketa herritarrentzako, udalerrietan jarduera ekonomikoa sortzen duten enpresentzako eta, orokorrean, gizarte osoarentzako emaitzarik onenak lortzera bideratzea”.  Imanol Landa Getxoko alkatearen ustez, “berrikuntza publikoak hirietako kudeatzaileen eta bertako bizilagunen arteko harremana estutzeko balio du. Teknologia modu “adimendunean” erabiltzean, mesede egingo zaie tresna eta kanal berriei; horien bidez, herritarrek modu aktiboan hartu ahal izango dute parte, eta erantzunkidetasuna sustatuko da.”

Aurreikusitako jardueren artean, NAZIOARTEKO SAREEKIN konektatuko da, eta Europako erreferentziazko proiektuak behatuko dira. Horretarako, EUDELek Smart Cities delakoetan aditua den Igor Calzadaren, Oxfordeko Unibertsitateko irakasle eta ikertzailearen, aholkularitza izango du. Igorrek txosten estrategiko bat egin du, Europako joera berri eta kasu arrakastatsuetan oinarrituta, EAEko udaletan udal garapen adimendunari buruzko eredu bat orientatzeko.

Benetako “udalerri adimendunak” eraikitzea planteatzen du. Planteamendu horretan, ‘Smart Cities’ delakoen kontzeptu digitalaz harago doa, eta teknologiaren erabilera bitarteko gisa erabiltzen du, eta ez helburu gisa. Horrek zerbitzu publikoak hobetzea, eraginkortasun irizpideetan oinarrituta, eta ingurune, ekonomia, demografia, teknologia eta beste hainbat arlotako erronkei erantzuten dien hiriko eraldaketa sustatzea du helburu.
Txostenean, Calzadak “alkate adimendunen” lidergo politiko eta berritzailearen aldeko apustua egiten du, eta herritarrek agente aktibo modura hartuko dute parte (herritar erantzunkidea)

Gobernamendu eta udal-garapen adimenduneko estrategia 2020