Udalek Eusko Jaurlaritzarekin eta Aldundiekin partekatzen dituzte elkarreragingarritasunaren arloko erronkak

Udalek Eusko Jaurlaritzarekin eta Aldundiekin partekatzen dituzte elkarreragingarritasunaren arloko erronkak

Herrismartik proiektuaren 2019ko Ekintza Planaren barruan, udalentzat elkarreragingarritasun-zerbitzuak ezartzeak dakarren erronkari buruzko jardunaldia egin zen joan den ostiralean, abenduaren 13an. Udaletako ordezkari ugarik parte hartu zuten jardunaldian.

Jardunaldiaren helburua Eusko Jaurlaritzaren eskutik NISAE elkarreragingarritasunaren euskal eredua (Euskadiko Administrazioen Segurtasunerako eta Elkarreragingarritasunerako nodoa) lehen eskutik ezagutzea eta eredu horren hedapena lurralde historiko bakoitzean partekatzea izan zen. Horretarako, Foru-Aldundiek egungo egoera eta prozedura azaldu zituzten, kontsumitu eta elkarreragingarritasun-zerbitzuak eman ahal izateko. Amaitzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Administrazio Publikoen Batzorde Sektorialaren barruko administrazioen arteko elkarreragingarritasun-taldearen koordinatzaile gisa, gaur egun lantzen ari diren elkarreragingarritasun-zerbitzuak eskatzeko jarraibideen aurrerapen bat aurkeztu zuen.

Erandioko alkate Aitziber Olibanek, Eudeleko Berrikuntza Batzordeko kide gisa, jardunaldiari hasiera eman zion, gaiaren garrantzia nabarmenduz: "Elkarreragingarritasuna funtsezkoa da herritarrekin modu arinagoan eta errazagoan harremanetan jartzeko, eta kalitatezko, efikaziako eta efizientziako zerbitzu publikoak emateko".

Berrikuntza Batzordea joan den urrian eratu zen Erandioko, Larrabetzuko, Zambranako eta Ermuko udalekin. Juan Carlos Abascal alkatea ere jardunaldian izan zen.

EUDELek udalei dei egin die elkarreragingarritasunari buruzko kontsultak helbide honetan helaraz ditzaten: berrikuntza@eudel.eus.

EGITARAUA

Jardunaldia Eusko Jaurlaritzako Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritzako-DACIMA- ordezkari José Antonio Beltranek eta Noemí Aldamak hasi zuten. Euskadiko Administrazioen Elkarreragingarritasun eta Segurtasun Nodoaren (NISAE) inguruan egituratutako elkarreragingarritasunaren euskal eredua aurkeztu zuten. Horri esker, informazioa trukatu ahal izan zen Euskaditik kanpoko administrazioekin eta euskal administrazioen artean.

Herritarrek administrazioek beren esku duten dokumentazioa ez aurkezteko duten eskubidearen oinarri den arau-esparrua 2015eko 39 eta 40 legeak dira. Hiru kontzeptu nabarmendu dira bere esku-hartzetik: lankidetza administratiboa, elkarreragingarritasuna eta datuen bitartekaritza.
DACIMAko ordezkariek informazio-fluxua egituratzen duen teknologia- eta zerbitzu-eredua azaldu zuten, eta, bertan, eskura daitezkeen zerbitzuen katalogoa eta horiek erabiltzeko jarraibideak ere jaso ziren. Jarraian, elkarreraginean aritzeko jarraitu beharreko lan-prozesua eta lantzen ari diren esparruak aurkeztu zituzten.

Eredua lurralde bakoitzean hedatzea

Arabako Foru Aldundiak, Jesus Mari Guinea Lurralde Orekaren Zuzendariak eta Eduardo Alday zerbitzuburuak Araban eman diren aurrerapenak aurkeztu zuten. Aldi berean adierazi zuten ere beraien kezka nagusia zela Arabako udalerrietan elkarreragingarritasuna hedatzeko antolaketa-arloa, udalerri oso txikiak baititu, beraz giza-baliabide eskasak proiektu berriak aurrera eramateko.

Dagoeneko identifikatu dituzte 4 puntu funtzeskoak eta horiek lantzen ari dira: sinadura elektronikoa eta, horretarako, Giltza plataforma sartuko dute udal guztientzat, NISAErekiko hitzarmena, horrela Arabako udal guztiek nodoaren zerbitzuak eskuratu ahal izan ditzaten hitzarmen horri atxikiz, eta, azkenik, antolamenduaren arloan Arabako koadriletan sortu den herritarren partaidetzarako teknikariaren figura erabiliko dutela eskura daude zerbitzuak pixkanaka erabil daitezen sustatzeko.

Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaia Nodoa aurkeztu du. Nodo horrek lurralde historiko horretako administrazioen arteko informazio-fluxuak bideratzen ditu, bai eta lurralde historikoek Bizkaitik kanpoko administrazioekin dituzten informazio-fluxuak ere, NISAEren bidez. Lurraldeko udal eta erakunde publiko guztiek eskura ditzakete Bizkaiko nodoaren zerbitzuak, Bizkaiko Foru Aldundiarekin sinatutako hitzarmenari atxikiz.

Bizkaia Nodoak 3 modulu edo funtzionalitate ditu elkarreragingarritasunaren 3 faseei estaldura emateko: baimenen, kontsulten eta auditoretzaren modulua. Azken horrek ahalbidetzen du sistemaren trazabilitate-baldintzak betetzea. Prozesuan zehar udalei laguntzeko, web helbide bat prestatu dute: https://www.ebizkaia.eus/eu/elkarreragingarritasuna. Helbide horretatik, beharrezkoa den informazio guztia deskarga daiteke eta Foru Erakundearekin elkarreragin. Ane Garavilla Foru Aldundiko ordezkariak berariazko deia egin zien Bizkaiko udalei eurekin harremanetan jartzeko eta bidean topatzen dituzten behar guztiak helarazteko, guztion artean Nodo Bizkaia hobetzeko eta zerbitzu hobea eskaintzeko. Hasitako bidean BiscayTIKen lankidetza estua izan dute.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, bere aldetik, Modernizazio zerbitzuko buru Haritz Ugarteren eskutik, zehaztu zuen nola antolatu dira Foru Aldundiaren barnean Gipuzkoako udalei elkarreragingarritasunean laguntzeko, baita Gipuzkoan zein pauso eman behar diren eta zein aurrerapauso lortu dituzten. Hartu zuten lehen erabakia informatika eta telekomunikazioen Foru sozietate den IZFEren alde egitea izan zen, Gipuzkoako udalerri guztiei zerbitzuak ematen zizkiena, eta, horrela, guztiei zuzenean heltzen ziren. IZFEk, honetarako guneka antolatu da eta laguntza ematen die elkarreraginean aritu nahi duten udalei. Udal batek interesa agertzen duenean, berrikusten dute ea lehendik sinatuta daukaten Eusko Jaurlaritza edo Estatuko beste erakundeekin, hitzarmenak edo, bestela, ez badu, Aldundiak NISAErekin sinatuta duen hitzarmenari atxikitu behar dira, eta horrek zerbitzu guztietarako sarbidea ematen dio. Udalei ere laguntzen diete zalantza juridikoak ebazten. Adierazi duen gakoetako bat da argi eta garbi identifikatu dela elkarreragingarritasuna garatzeko eta da erabiltzeko irizpideak estandarizatzeko beharra.

Administrazio publikoen arteko elkarreragingarritasun-taldearen aurrerapenak

Jardunaldia amaitzeko, administrazioen arteko elkarreragingarritasun-taldea egiten ari den lanak aurkeztu dira, elkarreragingarritasun-zerbitzuak eskatzeko jarraibideak zehazteko.

Berriki, eta Administrazio Publikoen Batzorde Sektorialaren babespean, hainbat lantalde sortu dira, horien artean bat elkarreragingarritasunarekin zerikusia duten gaiak jorratzera bideratua, non lehen aipatutako irizpideen estandarizazioa lantzen ari diren. Lantaldea EUDELeko, DACIMAko, IZENPEko, hiru Foru-Aldundietako eta haien sozietate informatikoetako ordezkariek osatzen dute.

Lanak ekainean hasi ziren, eta 3 gaitan banatu dira: antolaketa, lan-eragiketa osoa ezartzeko; teknologia, foru-sozietateekin, NISAE tresna hobetzen saiatzeko; eta hirugarren bat, zerbitzuak baimentzeko jarraibide argiak egiteko. Hiru zeregin nagusitan zentratzea erabaki du taldeak:

  • Lehenengoan, eskuragarri dauden zerbitzuen zerrenda eguneratuta edukitzea.
  • Bigarrenean, izapideen kategorizazioari eta izapide bakoitzerako gaikuntza-motei buruzkoa.
  • Eta hirugarrenean eta azkenekoan, datuen bitartekaritzara sartzeko baimen-gomendioak eta jarraibideak ezartzea: nola tratatu datu pertsonalen gaineko eskubideak, inprimakiak koherenteak izatea ….etb.